Jantzi bat baino gehiago, euskal tradizioaren eta diseinuaren legatu bat da txapela
Bai txapela eta bai buruko zapia gure janzkera tradizionaletik ongien kontserbatu diren jantziak dira. Euskal Herrian soilik erabiltzen ez bada ere, gure kultur herentziaren funtsezko elementua da txapela. Horregatik eutsi zaio mendez mende, harrotasunez.
Dokumentuetan ez da argitzen XIX. mendearen aurretik erabiltzen ote zen, baina badira horren inguruko zenbait aipamen XV. mendetik aurrerako testu solte batzuetan. Hona zer dioen La Gran Enciclopedia Vascak: «Nolanahi ere, badirudi XVI. mendean Europa erdialdean nagusi ziren buruko beste jantzi batzuk, forma aldetik behintzat, euskal txapelarekin lotuta daudela».
Historialarien aburuz, XIX. mendearen hasieran iritsi zen txapela Frantzia hegoaldetik Euskal Herrira, gerra napoleonikoen testuinguruan ziur aski, eta erabat hedatu zen hemen. Dena den, 1833 eta 1840 bitarteko karlistaldietan hasi zen txapela nabarmentzen, batez ere Tomás Zumalakarregi jeneralari esker. Izan ere, hark jantzi ohi zuen txapel gorria ezagun egin zen, eta haren armadako soldaduei «txapelgorri» izena ipini zieten harrezkero (Crónica Vasca).
Hauek izan ziren, beharbada, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran txapelaren erabilera orokortzea ekarri zuten arrazoiak: batetik, akaberaren hobekuntzak, hala nola artilea bolatzeko eta iragazgaizteko teknikak, eta, bestetik, industria-iraultzak produkzio-prozesuan eragindako aldaketak.
Bi txapel-fabrika izan ziren mundu-mailako irismena izan zuen fenomeno horren erreferentziak: Bizkaian, «La Encartada», eta Gipuzkoan, «La Casualidad», urteen poderioz eta arrazoi komertzialak direla eta —beste lurralde batzuetara hedatzea, adibidez—«Boinas Elósegui» bihurtuko zena. Gaur egun, Boinas Elóseguik bakarrik jarraitzen du jardunean, eta horren txapelak baino ez ditu erabiltzen Txapelmediak. Nolanahi ere, Euskal Herrian txapelari eman zaion eta gaur egun ere ematen zaion erabilera da horren ezaugarri nagusia.
XX. mendean sekulako gorakada izan zuen txapelaren ospeak, bai janzki gisa, baita euskal nortasunaren sinbolo gisa ere. Haren entzutea Euskal Herriko mugetatik kanpo zabaldu zen, eta euskal txapela nazioarteko enblema bihurtu zen. Berrikitan eguneroko erabilera jaitsi bada ere, jantzi esanguratsua da oraindik ere ekitaldi eta lehiaketetan, zeinetan garaikurtzat eta irabazlearen –txapeldunaren—ohorezko sinbolotzat hartzen den (Crónica Vasca) (Bilbao Secreto).
Euskal nortasunaren ikurra
Txapela janzteko modua jatorri-ezaugarritzat hartzen da («¡Que no somos de aquí, que somos de Bilbao, y por eso llevamos txapela a medio “lao”!», dio kanta batek). Bestalde, haren erabilera sinbolikoa eta jai-girokoa hainbat adierazpide eta jolas tradizionaletan txertatu da, batez ere gure txapeldunen buruetan.
Edozein dela ere txapelaren jatorria, euskaldunen nortasun-ezaugarri bihurtu zen. Jai eta ekitaldietako txapeldunen buruak apainduz izan duen protagonismoak agerian jartzen du txapelak euskal kulturan eta tradizioetan bete duen funtsezko eginkizuna.
Txapelmedian harro gaude txapelaren tradizio aberatsaren eta diseinuaren zaintzaile izateaz, gure kulturaren ikurra baita. Ondo ulertzen dugu zenbateko garrantzia duen txortenak, txapelaren erdian dagoen isats txikiak, jantziaren jatorria adierazten du eta. Txortenetik hasten da txapela ehuntzen, eta historikoki irain larritzat hartu izan da hori kendu edo aldatzea. Hain irain larritzat hartzen zen txortena moztu edo kentzea, non hil arteko dueluak ere eragin baitzitzakeen. Gaur egun, sortzen dugun txapel pertsonalizatu bakoitza tradizio horri egindako omenaldia da; horregatik, gure diseinuetan kultur legatuaren egiazkotasuna eta harekiko errespetua islatzen direla bermatzen dugu.
«Txapelak txortena deritzon isats txiki bat du erdian. Txapelaren txortena moztea zen euskaldun bati egin zekiokeen irainik handienetakoa (txapela zikiratzea). Badira horren inguruko aurrekariak, iraintzailearen heriotza ere eragin dutenak».
Txapelmedian askotariko neurriko txapelak eskaintzen ditugu: txapeldun tamainakoak, janztekoak eta beste neurri batzuetakoak. Era berean, merchandisingerako eta sustapenerako txapel brodatuak ere eskaintzen ditugu.
